XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikasketak amaitu orduko irakaskuntzara iragan den irakasle ugari aurki daiteke EHUko sail ezberdinetan barrena.

Hau da, irakatsi behar dutena modu egokiz irakatsi ahal izateko prestaketarako ordu-kopuru handiak eman beharrean aurkitzen direnak oraindik ere.

Irakaskuntza da irakasle horien kezka nagusia.

Bigarren tokian geratzen da ikerketa, hirugarrenean edo laugarrenean geratzen ez denean.

Izan ere, irakaskuntzan jardun nahi duen irakaslea doktore-titulua eskuratu beharrean aurkitzen baita irakasten hasi orduko, Espainiako Unibertsitate-legediak horixe eskatzen duelako.

Eta doktoradutza-lanak burutu orduko bere irakas-posturako titularitatean pentsatzen hasi beharra izanen du.

Irakatsi beharrak eta beste lan horiek burutu beharrak nahiko buru-hauste sortzen diote irakasle gazteari.

Ezin sartuko da ikerketaren eremuko ur handitan horrela dabilena.

Baina hona hemen kontraesana:

bere burua titularitate-probetara aurkezten duenari zenbat eta nolako ikerketak egin dituen aztertuko diote epaimahaikoek, hori ere horrelaxe erabakita dagoelako: irakastea bezainbat baitagokio ikertzea ere unibertsitateko irakasleari.

Ez betarik ez aukerarik duenari guzti hori eskatuko zaio unibertsitateko bere lehen urteetan zehar.

Baldintza horietan, zurrunbilo horretan, ezin burutu daiteke lan egokirik ez irakaskuntzan, ez ikerkuntzan eta ezta beste inon ere.

Baina horixe da unibertsitate gazte guztien egoera, unibertsitate-eremua eratzeko eman diren legediek Unibertsitatearen Erreformarako Lege Organikoak bereziki ez baitituzte kontuan hartzen unibertsitateen artean dauden oinarrizko bereizketa horiek.

Gurean, ordea, horrelakoxea da egoera.

Beno, larriagoa ere badela esan beharko litzateke euskaraz irakatsi beharrean aurkitzen direnen kasuetan bederen.

Ze lehen aipatu guztiaz aparte, ikasleentzat gaiak euskaraz jartzen ere ahalegindu beharra izanen baitute horiek, euskarazko irakurgairik ez baitute izanen bestela euskal adarretako ikasleek.